2009/04/07

Igorlea: UKBERRI.NET
Data: Igandea, 2009 Api, 05 - 08:09 PM






Egizu Getxo Euskaldun! mintzapraktikarako elkartea eta Berbalamiñe Leioako euskara elkartea Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren bazkideak bihurtu ziren atzo. Izan ere, atzo Topaguneak urteko Batzar Nagusia egin zuen Iurretan eta bertan bost elkarte gehiago onartu zituen kide gisa. Eskualdekoak ezezik honakoak izan ziren atzoko batzarrean sartu ziren bazkide berriak: Zeanuriko Alozo elkartea; Baztan, Malerreka eta Bertizaranako Xaloa telebista; eta Xorroxin elkartea, besteak beste, izen bereko irratia Baztan, Zugarramurdi, Urdazubi, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietan zabaltzen duena. Gauzak horrela, dagoeneko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko 93 euskara elkarte batzen dira Topagunean. Gurean, Egizu eta Berbalamiñez gain, "UK" aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta elkartea, Berbots Erandion Euskaraz eta Bizarra Lepoan Getxoko euskara taldea daude. Argazkian, pasa den martxoaren 24an bere irudia berritu zuen Euskara Elkarteen Federazioak / Topagunea.Bazkide berrien onarpenarekin batera Topaguneak beste lau puntu nagusi eztabaidatu zituen bere batzar nagusian: datozen hiru urteetarako planaren aurkezpena, 2008ko jardueraren errepasoa, 2009ko Kudeaketa Planaren aurkezpena eta Zuzendaritza berritzea.Euskara Elkarteen funtzioa zaharberritzeaTopaguneak hurrengo hiru urteetarako barne hausnarketa burutzeko "prozesu parte hartzailea" abiatuko du. Bazkideekin landu nahi den gogoetaren oinarria "euskara elkarteek hizkuntza komunitate antolatuaren gune modura duten funtzioa berritzea eta aldarrikatzea" izango da. Xede nagusi hori aintzat hartuta, hizkuntza politikaren oinarriak, parte hartzea eta sentsibilizazioa moduko gaiak izango dira aztergai prozesu horretan, Topaguneko iturriek azaldu dutenez.Zuzendaritza BatzordeaEstatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da: Durangoko Berbaro Elkarteko Ione Narbaiza, Araitz-Beteluko Mailope Elkarteko Urko Aristi eta langileen ordezkaria zen Aritza Escandon Zuzendaritzatik irten dira, eta haien ordez Berbaro Elkarteko Nahia Zarzosa eta langileen ordezkari berria den Amaia Alberdi arituko dira aurrerantzean. Federazioaren presidentetza, berriz, Azkoitiko Maxixatzen elkarteko Karmen Irizarrek berritu du beste hiru urtetarako.Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte elkarteek eta Federazioak berak, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario