2011/10/13

Atsegin dut Berbalaguna!

2011 - 2012 ikasturtearekin batera Berbalagun egitasmoa martxan jarriko da. Zer da berbalaguna? Berbalaguna euskaraz hitz egin eta praktikatzeko gunea da. Edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Euskara harreman sareak sortzeko tresna ere bada.

Izena emateko hurbildu Lamia AEK euskaltegira, Mastitxu Udal Euskaltegira edo Euskara Zerbitzura.

Leioako Euskara Zerbitzua, Berbalamiñe euskara elkartea, Lamia AEK euskaltegia eta Mastitxu udal euskaltegia dira egitasmo honen sustatzaileak. Guztien helburua, "herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, euskararen presentzia gure kaleetan eta gizartean beharrezkoa baita". "Azken aldian denon ahotan dabiltza interneteko sare sozialak. Harreman sare birtual horien balioa eta beharra ez dugu guk zalantzan jarriko, guk ere erabiltzen ditugu, baina egiatako sare sozialak, aurrez aurreko harreman sareak, atsegin badituzu eta gainera euskara praktikatuz eraiki nahi badituzu, ez duzu inon ezer klikatu behar; izena ematea besterik ez", azaldu dute.

Euskara atsegin dut! Eta zuk?

2011/10/12

Eskerrik asko!

Urriaren 8an Txitxiburruntzi eguna ospatu genuen Lamiakon. Hainbat arazo tekniko izan genuen eguna aurrera eramateko eta hala ere, egin genuen. Zuek guztiok barik ezin izango genuke egin eta horregatik eskerrik beroena eman nahi dizuegu:

- Gure Ohiturak dantza taldea
- Txikiak - txiki dantza taldea
- Lamiako maskarada
- Kurkudi kultur taldea
- Lamia AEK euskaltegia
- Betiko ikastola
- Txomin Arestiko guraso elkartea
- Lamiako jai batzordea
- San bartolome jai batzordea

Eskerrik asko!

2011/10/07

Txitxiburruntzia: Azken berriak!

Azken orduko arazoak direla eta, Txitxiburruntziko bazkaria eta erromeria bertan behera geratuko dira. Bazkarirako tiketak erosita dituzuen guztiak, lasai, dirua itzuliko dizuegu. Hala ere, goizeko egitarauarekin aurrera jarraituko dugu.

Zabaldu euskara herrira eta etorri Txitxiburruntzira!