2011/03/31

Domekarako planik nahi?

Apirilaren 3an, domeka, Korrikaren aldeko kuestazioa egingo dugu. Baina, ez pentsa kuestazio arrunta izango denik, ezta gutxiago ere! Triki poteoa egingo dugu herritik eta Korrikaren aldeko kuestazioa ere!

Beraz, planik ez baduzu hurbildu 12:00etan Ikea Barri plazara eta gozatu poteoaz!

Maitatu, ikasi, ari... euskalakari! Eta noski, gozatu Korrikarekin!

2011/03/24

Korrika aurkezpeneko lekua aldatu da

ADI!

Korrika aurkezpeneko lekua aldatu da:

Gaur, martxoak 24 Korrika aurkezpen mundiala Andrak elkarteko egoitzan (Sabino Arana 78) arratsaldeko 20:00etan.

Animatu euskalakariak eta erdu!

2011/03/21

Maitatu, ikasi, ari...KORRIKA!

Apirilaren 7tik 17ra Korrika izango da Euskal Herrian. Herriz herri eta auzoz auzo euskararen alde Korrika egingo dugu. Leioatik ere pasatuko da Korrika apirilaren 16an goizeko 9:38an sartuko da metro geltokitik.

Zu ere euskalakaria zara? Eta Korrikan parte hartu nahi duzu? Ez dakizula nola? Ekitaldien berri izan nahi duzu?

Ba horiek guztiak argitzeko martxoaren 24an Korrika aurkezpena izango da Leioan arratsaldeko 20:00etan Andrak Elkarteko lokalean. Erdu eta Korrikan parte hartu!

Izan zaitez zu ere euskalakaria!

Maitatu, ikasi, ari...euskalakari!

Hemen duzue Korrikaren bideoklipa

Korrika Ibilbidea !!!

Mezua

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari?
AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, EUSKALAKARIA¹ da:
Euskalakaria da lehenengo hitza euskaraz egiten duen dendaria
Euskaraz sortzen duen artista.
Euskaraz diharduen lantegiko enpresaria.
Euskara sustatzen duen herritarra.
Euskararen aldeko neurriak hartzen dituen herri-ordezkaria.
Euskaraz lan egiten duen kazetaria, kirolaria, iturgina…

Euskalakaria da hitz egin ez baina ulertzen duenari euskaraz egiten diona.
Euskalakaria da ikasten ari dena, eta ikasten ari denarekin mintzo dena.
Euskalakaria da haurrari dakien beste euskara egiten dion gurasoa.

Euskalakaria alaia da.
Euskalakaria baikorra eta ekintzailea da.
Euskalakaria bizizalea da.

Euskalakaria naiz ni.
Euskalakaria haiz hi
Euskalakaria da bera.

Euskalakariak gu gara.
Euskalakaria zara zu.
Euskalakariak zuek zarete.
Euskalakariak haiek dira.

Korrika egiteko, grina eduki, oinez jakin eta abiatu egin behar da. Erortzeko beldurrik gabe. Euskaraz egiteko, maitatu, ikasi eta aritu egin behar da. Hanka sartzeko beldurrik gabe.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu nahi ditugu.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Bakoitzaren abiapuntua zeinahi dela ere, herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga. Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua.

Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!

2011/03/18

Bihar, Euskaraz Bizi Eguna Gernikan
















Bihar, martxoak 19 larunbata ospatuko da Gernika-Lumon Euskaraz Bizi Eguna. EHEko kideek eta Euskaraz Bizi Eguneko egitarauan eta prestaketa lanetan parte hartu duten eragile eta norbanakoek agerraldia egin dute euskaraz bizi nahi duten guztiei jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egunean parte hartzeko deia egiteko. Euskaraz biziko den herrirantz egiteko dugun bidean auzolanetik emango ditugu urratsak nahitaez, eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzea helburu duen Euskaraz Bizi Eguna auzolan horren beste adierazle bat izango da.

2011/03/17

Lau ikasle berritik hiruk egin dute D ereduaren alde EAEn

Indartuta atera da D eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrematrikulaziotik. 2 urteko ikasle berrien artean, %75,23k egin dute euskaraz ikastearen alde —iragan urteko datuekin alderatuta, bi puntu gehiago—. Denera, aurreko urtean baino 307 ikasle gehiago arituko dira D ereduan. Kontrako bidean segitzen dute A eta B ereduek, ikasleak galduta. Esanguratsuagoa da aurten datua: Eusko Jaurlaritzak Internet bidez izena emateko modua eskaini eta gutunak bidali ditu, «aukeratzeko askatasuna» bermatzearren. Halatan ere, A eta B ereduek behera jarraitu dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo eman zituen aurrematrikulazioen behin-behineko datuak. Gorakada nabari da aurreko urteetako datuekiko: matrikulatzeko 36.333 eskari berri egin dituzte aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —iaz 35.495 ziren—; erdiak pasatxo, 18.268, 2 urteko umeak dira —aurreko ikasturtean baino 37 gehiago dira horiek; 18.241 izan ziren iaz—.

Aurreko urtean hasitako joerari jarraitu diote aurtengo datuek. Aldaketa esanguratsua izan zen iaz, sare publikoaren alde egin baitzuten guraso gehienek. Hala gertatu da aurten ere: hamarretik ia seik eman dute izena eskola publikoetan (21.148), eta lauk, pribatuetan (15.185). Hiru herrialdeetan nagusitu da sare publikoa.

A eredua, bazterrekoago

Joera baten erakusle izanagatik ere, ereduei dagokien datua bereziki nabarmentzekoa da. D ereduak jarraitzen du jaun eta jabe izaten: 2 urteko umeen izen-emateak aintzat hartuta, 18.268 ikasletatik 13.743k egingo dituzte ikasketak euskarazko ereduan —%75,23—; iazko datuekin konparatuta, 307 gehiago dira horiek.

Aldiz, beste bi ereduek behera jarraitzen dute. B ereduan 237 izen-emate gutxiago izan dira aurten —3.840 dira denera—; 2 urtekoen artean, bost ikasletik batek hautatu du euskara eta gaztelania irakats hizkuntza dituen eredua. A ereduan ere iaz baino ikasle gutxiago arituko dira: 685 guztira, iaz baino 43 gutxiago. Gero eta bazterrekoagoa da gaztelaniazko eredua: %3,75ek hautatu dute.

Araban D ereduak izandako aurrerapausoa handia da: 2.653 ikaslek eman dute izena denera —iaz baino 123 gehiago—, eta haietatik 1.514k aukeratu dute euskarazko eredua, iaz baino 136 gehiagok. Ikasleen %57ren irakats eredua izango da, beraz. B ereduak gora egin du zerbait —1.066 arituko dira, iaz baino 28 gehiago—, eta A ereduak, behera, nabarmenago —114 ikaste zituen iaz, eta aurten, 73—. Araban, ehunetik hiru ikasle berrik ere ez dute gaztelania hutsezko ereduaren alde egiten. D eredua iaz baino are nabarmenago gailendu da herrialde horretan, eta kontu berria da hori: orain bi urtera arte, B eredua aukeratzen zuten hezkuntza sisteman sartzen ziren gehienak.

Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmenagoa da D ereduaren nagusitasuna, eta areagotu egin da aurten: hamarretik zazpik hautatu dute Bizkaian; bederatzik, Gipuzkoan. B ereduak lekua galtzen segitzen du —laurdena ere ez da Bizkaian; %8 eskas, Gipuzkoan—. A ereduan, %4,7 ari dira Bizkaian, iaz bezalatsu; Gipuzkoan, 2010ean baino 16 gehiagok hautatu dute, baina oso bazterrekoa da: %2,7k hartu dute. 2 urteko 9.425 umek eman dute izena Bizkaian —iaz baino 220 gutxiago—; Gipuzkoan, 6.190ek —iaz 6.066 ziren—.

Aurrematrikula Interneten bidez egiteko modua jarri du aurten Hezkuntza Sailak, gurasoen «aukeratzeko askatasuna» bermatu nahirik. 3.022 matrikula egin dituzte horrela. «Benetako eskaria» ezagutu nahi zuen, eta, iaz bezala, oso apalak dira datuak. Eskolak eskaintzen ez dituen eredua 44 gurasok eskatu dute —%0,24—: 26k B ereduan, 11k D ereduan eta 7k A ereduan. Lehen aukera gisa eskolak eskaintzen ez duen eredua aukeratu dute B ereduan 140k, D ereduan 82k eta A ereduan 58k; guztira, 280k —matrikulen %1,53—.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,3 hazi da D eredua. Datu horri Nafarroakoa gehitu behar zaio: %10 egin du aurrera han.

Iturria. Berria. 2011 / 03 / 13